XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errealitate honen aurrean euskal sindikalismoa jo eta ke ari da etengabe eskatzen euskal erakundeei aintzatesteko lan eta gizarte politika propioa burutzen erraztuko dioten eskuduntzak.

Esan beharra dago CEOEko kide den CONFEBASK ugazaberiaren laguntza eskabide honetan beste ezer baino gehiago urria dela.

Gaurregun esan daiteke diskurtso hau indar politiko abertzale guztiek sartu dutela beren diskurtsoaren baitan eta baita jokaera-programatan euretan ere, EAJ-EA-EEren gobernu-itunean adibidez.

Esan daiteke, bada, INEM edo Gizarte Segurantzaren transferentziaren erreibindikazioa, edo lan-arloko arau-eskunduntzen delegazioarena, mugimendu abertzalearen ondare komunaren zati direla jadanik.

6.3.- Indar abertzaleen erreibindikazio honek, jadaneko arau-markoaren baitan erraz eman daitekeen gauza bestalde, topo egiten du hala ere botere zentralaren jarrera itxiarekin ez bakarrik arau-eskuduntzarik egon ere ez dagoen alor batetan euskal eskunduntza-sabaia jasotzeari ezetz esaten diolako, baizik eta eremu sozio-laboralean jokatzeko ahalbideak guttienera murriztera zuzenduriko Estatutuaren interpretazioa eta aplikazio-erizpideak mantentzen dituelako.

6.4.- Azkenengo hamarkadan botere horren nagusigoa izan duen alderdia PSOE, alor honexetan agertu da bereziki beligerante bai bere organo zentrala bera eta bai Euskadiko bere ordezkariak ere.

PSOEk, gainera honako diskurtso ideologiko hau gehitu dio bere jarrera indartsuari, hots: zuzentasun eta aurrerabide printzipioak errespetatuko dituen lan eta gizarte politika bermatzeko gai botere zentrala baino ez dela.

6.5.- Beligerantzia hau nabaritu da eta ez zitekeen beste era batera izan, PSOE Gazteizko Gobernuan sartu denean.

Eta baldin lan harremanen gaia, lehenengo koalizio-gobernuan desakordio-gai bezala katalogatu bazen eta ondorioz apartaturik geratu, oraingoan oraindik okerragoa da egoera Lan eta Gizarte-Segurantza Sailaren zuzendaritza PSOEri eman zaiolako horrexen bultzada eta sustapen ekintzaren mende dagoen arren neurri handi batetan lan harremanetako marko propioan aurrera egitea.

Erabaki honen lehenengo ondorenak ikusten ari gara jadanik.

6.6.- Dena dela, badirudi egiazta daitekeela lan harremanetako marko propioa mugimendu abertzalearen helburu komuntzat hartzeak ez duela esan gura besterik gabe euskal sindikalismoak ematen dion lehen mailako garrantzi eta balioespena ematen zaionik helburu horri.

Antzematen du abertzale batzurentzat hau bigarren mailako arazoa dela garrantzi erlatiboa duena eta inola ere ez, jakina, gatazka-gai izateko adinakoa.

Gure ustez hau, nola ez, errakuntza ikaragarria da.

6.7.- Eta amaitzeko lan harremanen gure sistema, autonomia kolektiboaren egikaritzan oinarrituta, aberas dezaketen proiektuak burutzeko orduan ugazaberia eragile eta eraginkorrik, EAEan bederen ez izateak duen zailtasuna ez dezakegu alde batera utz.

7.- AURRERANTZA BEGIRA

Honarte egindako gogoetatik zenbait helburu eta joka-ildo ondorioztatzen dira gure nazio-etorkizunaren erainkuntzarako garrantzi erabakiorra dutenak eta aurrean izan beharko genituenak bai gure erakunde honek baita indar abertzaleen multzo osoak ere.

7.1.- Ahalegin serio bat egin beharra dago gure identitate kolektiboaren bizikera ezberdinak aberastu eta sakontzeko eta euskal gizarteko sektore desberdinak gure herri honentzat etorkizun bat eraikitzeko lan amankomunera hurbil daitezen.

7.2.- Gainditu beharra dago sakabanatze-kultura, desberdintzapena eta aurkaketa ere dinamika gailen gisa, identitate anizkoitik abiatuz eta horri ukorik egin gabe, erreferentzia komunak eta helburu nazional konpartituak, baita dialektikoki konpartituak ere argira isladatuko dituen kultura birreraiki dezagun.

7.3.- Asko saiatu beharra dago gizartea klabe abertzalean eraberritze-lanean horrekiko desmobilizapenera eta marko desfaboragarri batetan egokitzera jotzen duten joeren aurrean.

7.4.- Sinesgarritasunez eta eraginkortasunez garatuz joan behar du gizartearen eta instituzioen hezurmamitzeak gizarte-talde desberdinen interesa eta ikuspuntua egokiro bil eta islada dadin.

7.5.- Eraginkortasuna ekonomi garapenean eta ongizatearen orokorpenean, horra aldi berean eta era integratuan bilatu beharreko xedeak.

Geldierazi beharra dago bada jasaten ari garen ekonomi gainbehera eta joera hori alderanztu eta enpleguaren eta gizarte-aurrerabidearen helburua lehen mailan jarriko duen politika batetan inplikatu beharra aldiberean.

7.6.- Euskal Herriaren lurralde-integrazioaren arazo zail eta konplexua indar nazionalistek betiere aurrrean ukan behar duten helburua behar du izan, ahal diren pausu guztiak emanez joan behar dutelarik integrazio hura errazago eta hurbilago dadin.

7.7.- Lan harremanetako marko propio baten jarraikako burutzapenak estrategi mailako garrantzia du ELArentzat.

Eta ez bakarrik gune autogobernatu bat garatzeko borondatearekin koherentziaz baizik eta demokrazi, integrazio eta gizarte-hezurmamitzerako ahalbide handiagoak eskaintzen dituelako uste osoz.

7.8.- Gure proiektu sindikala aberastu eta indartu egin behar dugu basearen eta afiliatuen enkoadramendu aktiboa areagotuz kopurua gehitu prestakuntza hobetu eta militanteen entrega bultzatu eta baseko erakundeak garatuz bai bere ildo orokorretan nahiz sektorez sektoreko aplikazioetan zehatzmehatz diseinaturiko politika sindikal baten zerbitzutan guzti hori.

7.9.- ELAk jarrera irekia mantendu behar du sindikalismo abertzalearen barruan hurbilpen handiago bat bultza dezaketen ekintzen aurrean.

Prozesu honetan edozein kasutan ere aurrerapausuen posibilitatea abadagune oso puntual eta konkretuak salbu- subiranotasunaren eta demokrazia sindikalaren printzipioen onarpenera baldintzaturik dago.